Nire esperientzia Ubunturekin

Bihar saio interesgarria dugu Aprendices (bloger) taldearen eskutik: Ubuntu, oinarrizko maila.

Orain (ia) arazorik gabe Ubunturekin modu ia esklusiboan lanean aritzera iritsi banaiz, dela Aprendices taldean, dela beste testuinguruetan ere, laguntzaile asko izan ditudalako izan da. Eta haiek guztienganako eskerrona sentitzen dut.

Arazoen konpobide eta ezagutza teknikoen aldetik, ekarpen handirik egiterik ez dudanez, nire esperientzia Ubunturekin zein izan den kontatu nahi dut, honela -gustatuko litzaidake- baten bat bide honetarantz, migrazio honetarantz anima dezadan.

Seguruaski Xabier Zalduari, Garelako lankideari, entzungo nion lehen aldiz Ubunturi buruz hitz egiten. Internet eta Teknologia Berriak asko gustatzen zitzaizkion eta asko zekien. Seguruaski gaur normaltasunez erabiltzen ditudan hitz asko eta asko lehen aldiz berari entzunak izango dizkiot. Bulegoan geneukan ordenagailu zahar batean, Ubuntu instalatu zuen, laborategi txiki moduan, gogoratzen ez dudan eginkizun praktiko bat ere bazuelarik. 6 urte baino gehiago izango dira honetaz guztiaz...

Nire Ubunturen hurrengo erreferentzia, zalantzarik gabe, Aprendices da. Eta Aprendices esatean Julen Iturbe esan behar, berari esker ezagutu bainuen, beste askok bezala, talde hau. Juleni ere ikasi dizkiot gaur normaltasunez erabiltzen ditudan hainbat hitz eta tresna...

2010ko uda aldera, Txipiren bloga ardatz zuela, batez ere, software askearen inguruko eztabaida oso interesgarria ere gogoratzen dut Aprendices hizketa harian...


Kontua da, iaz, nire ordenagailuak "berea emana zuela" adierazi zuela eta kolkoraino birusez bete zela gainera: "Nik hemen planto". Orduan hartu nuen erabakia: une egokia zen. Ordenagailua saltzen zigun ofimatika enpresari Windows-ez gainera Ubuntu ere instalatzeko eskatu nion, baina sinestaidazue sekula ez nuela Ubuntu pantailan ikusi, lehen aipatu bazterreko ordenagailu hura baino. Une hartan, baliteke, Asier Garaialderen laguntza zerutik erori ez balitzait, ezagunera jo eta Windows-ekin jarraituko nuela... Baina bestela izan zen. Pare bat aldiz geratu ginen eta oinarrizko ideia batzuk jasotzeaz gain (komando pantailan sartu eta ateratzen eta zertxobait egiten, adibidez, aplikazioak instalatzen komando pantailan eta baita Synaptic bidez...), sortzen zitzaizkidan instalaketa arazoak konpontzen lagundu zidan ere (wifi konexioarentzat driver bat-edo instalatu beharra eta halakoak). Eta nahikoa izan zen.

Gainera, garai hartan Hobesteko webgunea berritzen hasi ginen CodeSyntaxeko lagunekin burubelarri. Hauek ere Ubuntu eta software askea erabiltzen dute, eta zalantza bat baino gehiago argitu zizkidaten.

Aprendices-eko posta-zerrenda ere erabili izan dut zenbaitetan laguntza azkar eta handiak jasoz (Venan, Loretahur, Julen bera, Dani, Asier bera eta beste hainbat eta hainbat)

Gauza da, batzu eta besteren laguntza eta nire temati edo borrokalari izaera direla eta, Windows gaur egun ez dudala ezertarako ere erabiltzen (beno, zenbait aparatuk badirudi ez dutela programa Ubuntun abiarazteko aukerarik garatu oraindik, baina, detailetxo horiek kenduta), oso ondo moldatzen naiz, Ubunturekin beti.

Ubuntuk izugarrizko autonomia sentsazioa ematen dizu: egin nahi duzuna egiteko, Internet konexioa, denbora eta pazientzia besterik ez duzu behar. Nik abantaila asko ikusten dizkiot, eta abantaila hauek hobeto azaltzeko gai izan nahi nuke, baina gorpuzketa teorikoa edo gogoeta-eztabaida falta zait. Hori dela eta, nik biharko Tailerrerako proposatutako gaietan, alde teknikoak pisu handiena eduki behar badu ere, beste hau ere bota dut: Ikuspuntu filosofikotik: Zergatik Ubuntu? Zergatik software askea? Zer etorkizun nahi eta espero dugu? Eta: Nola lagun dezakegu ekimen honen hedatzea?

Laburpen moduan, nire gomendioa zalantzarik gabe Ubuntura pasatzea da, hori bai, haseran hurbileko laguntzaren bat bermatuta daukazula segurtatuta.

Mila esker asko jakin eta besteei zuen ezagutza eskaintzen diezuenei eta, bereziki, biharko saioan gure "irakasle" izango zaretenoi!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario