Aho-zulo pozoitsuetatik
hitz zornedunak heltzen zaizkit
zenbaiten buruetan zein mamu gaizto dabil
begiradarekin hil nahi nautenean, ze egin?
zentzuak egin nau arau-fosilen etsai
nora noan ez dakit, baina nondik noan bai!
Mila begi gainean
mila hitz aidean
denen bide berean
nik ez dudalako joan nahi!
Gurutzea, kateak, molde zaharrak oinarrian
berdin ez izatea traizio den herrian
eskema kuadratuak denborak zartatu ditu
lehengoen oin-urratsak berriz zertan jarraitu?
Gurutzea, kateak, molde zaharrak oinarrian
berdin ez izatea traizio den herrian
neri ez deitu arrotz, ez berezi, ez arraro
soilik ez dut izan nahi kopia bat gehiago
Maialen Lujanbioren hitzak dira, Mikel Errazkinek musikatuak.
Mikeli egindako omenezko diskan, iragan azaroan kaleratutakoan, kantu honen bertsio zoragarria egina diote Olatz Praten ahotsean. Benetan hunkigarria, barruraino iristen zaizun horietakoa. Eta hunkitu ninduen -eta nola- omenezko kontzertuan kanta horrek eta beste askok ere bai... Baita gora begiratuz musikari bakoitza Mikeli zuzentzen zitzaionean hitz goxoren batekin...
Agurra zor nizun, Mikel, zorigaitzeko irailaren 5 hartatik... Zure barrearekin geratuko naiz, nire burutazio xelebreren batek lehertarazten zizun barre zaratatsu eta kutsakor hura geratuko zait gogoan zure irudi...
No hay comentarios:
Publicar un comentario