Ezin dut jasan kafetegi batean telebista jarrita egotea, bolumena tope, sahiesteko modurik gabe.
Demagun ordu beteko tartea geratzen zaidala halako auzo edo herritan egin beharra nahitaez, eta hori jakinik egoera aurrikusi eta irakurtzeko gaia eramaten dudala, noizbait ordenagailua ere bai, edo ohartxo batzuk hartzeko koadernoa... Edari bat eskatu eta gogoeta-lan piska bat egiteko asmoak betetzen du nire imaginarioa.
Musika mota desberdinak aurkitzen ahal dituzu, baina diskoteka-bolumena ez badago behintzat, musika ez da oztopo, alderantziz baizik. Zure gustuko izan ala ez hain gustuko izan, musika osagarria da, giroa apaindu egiten du, lore sortak bezala.
Baina, geroz eta gehiago, tabernetan, kafetegietan, menuko jatetxeetan ere bai, programa gogaikarriekin eta libra ezineko bolumenean telebista irenstera behartzen gaituzte: Elkarri oihuka hitz egiten dioten programa horiek, morboa dutenak lehengaitzat, norbere gai intimoak plazan zeozeren –dirua?, bi minutuko telebistako agerpena?...– truke botatzen dituztenak, zerbait erakustekotan negatiboan, hau da, nola hitz egin behar ez den, zer esan behar ez den, nola jokatu behar ez den... erakusten duten horiek, norbere barne-gogoetari biderik uzten ez diotenak, inbasiboak, alegia, edo beste modura, gogo-estimulu positiborik ez dutenak, etab. Iragarkietan bolumena jaistea ere ez zaie otzen.
Eta "behartzen" esaten dut noizbait nire saiakerek ez bait dute inongo eraginik izan. Gogoratzen dut behin –ekitaldi kulturalak antolatzen dituen taberna izaki gainera!!!–, eta ni bakarrik egonda, eguerdiko plater konbinatu bat bertan janda eta kafe garaian irakur-idatz lanean aritzeko asmoarekin, ez nuela lortu tabernariak telenobela txepelaren bolumena jaistea, eskatu arren.
Gertatu zitzaidan lehenengo aldian txundituta geratu nintzen. Ez al da lotsatzen tabernari hau honelako gustu zatarrak dituela bezeroei erakusten? Ba ote du honek gaineko arduradunik? Eta baiezkoan, ba ote du hark honen berri? Jabe edo arduradunen onespenarekin gertatzen ote da? Negozioarentzat ona ote da hau? Bezeroak erakarri eta gustora egoten al dira honela? Ni ote naiz arraroa?
Tabernaren aukera txarra dela pentsa dezakezu, baina gertatzen zaizunean harrapatua sentitzen zara. Jada berandu da beste leku bat bilatzen hasteko edaria zerbitzatua duzu, kanpoan hotza, agian.
Askatasunaren kontrako jarrera larria iruditzen zait, norbere atseden, gogoeta, edo besteekin elkartrukatzeko uneak honela zapuztea. Larria iruditzen zait eta are gehiago geroz eta gehiagotan gertatzen zaidan fenomenoa dela ikusita, eta nire ingurukoek ere antzeko esperientziak izaten dituztela baieztatzean. Gizarte honek dauzkan hainbat akatsetako beste adibide bat. Kakakultura kontsumitzera behartuta sentitze horrek nire onetik ateratzen nau, ezin dut jasan.
Duela mende bat kafetegietan tertulia intelektualak antolatzen zireneko paralelismoak gaur haietan sistemaren kloaketako zaborra kontsumitzera behartzen gaituztela esatera eramango gintuzke, hiperboleaz baliatuz. Danimarka eta Islandiako liburutegi-kafeak ditut amets.
Beti esana da, programa hauek ikusten ez ditugula aitortu arren, ez dugula egia esaten eta benetan ikusi egiten ditugula eta bla, bla, bla... Nork bere etxean egiten duenarekin ni ez naiz sartuko. Gora askatasuna! Baina, ez nazatela behartu arren leku publikoetan horrelako zaborra kontsumitzera!!
Eta proposamen bat botatzen dut: Zer moduz bezeroari aukera egiten lagundu diezaion etiketatxo bat jartzea atean? Telezaborrik gabeko gunea, adibidez? Zer iruditzen? Kerik gabeko guneak izaten ziren, "euskaraz badakigu" eta antzekoak irakurtzen ditugu, wifi eremua ere bai, edo kalitate zein ingurugiroarekiko jokabide arduratsuaren zigiluak... eta beste hainbat.
Bi moduko eraginak izango lituzke gainera honelako ekimen batek: batetik, bezeroaren aukera erraztuko luke, bestetik, honelakoak ikusita hain beharrezkoa dirudien sentsibilizazioa lagunduko luke, arazoa gertatzen den lekuan gainera, hau da, honelako lekuetako jabe, arduradun eta langileen artean, eta baita bezeroen artean ere, gai honetaz hitz egiten hastea lagun lezake.
Eta gaiaren inguruko gogoeta sustatzeko, Google bidez aurkitutako telezaborraren zenbait irudi txertatzen dizkizuet:
Telezaborra kontsumitzera behartuak!!
http://minervaladiosa.blogspot.com/2011/01/el-triunfo-de-la-telebasura.html
http://egarciaunizar.blogspot.com/2010/11/telebasura.html
http://trumanytelebasura.blogspot.com/
http://www.taringa.net/posts/videos/9674852/Volve-tinelli-Volve_.html
Suscribirse a:
Entradas (Atom)