Euskaraz “gogo” hitza enigmatikoa iruditzen zait, batean biltzen dituen adiera desberdinengatik. (Ikus adibidez Elhuyar hiztegia, 3000 hiztegia, Harluxet hiztegia)
Batetik, gaztelerazko “mente” edo “pensamiento” edo “recuerdo” bezalakoak, gure fluxu kognitiboari dagozkionak, hizkuntzarekin eta sinbolikoarekin oso lotuak. Gogoan dut, gogora ekarri, gogoeta egin, gogamena…
Sinbolikotik idealera urratsak emanez, “arima” edo “espiritu” bezalako esanahietan ere erabili izan da: Euskal gogoa (Espíritu vasco), Gogo Saindua (Espíritu Santo). Gogo hitzaren espiritualtasun hau aurreko mendean euskal kulturgintzan kristau erlijioaren ikuspegia zuten egileek izandako pisuaren isla ote den iradokiko nuke, eta gaur egun adiera horientzat arima eta espiritu hitzak erabiltzea hobesten direla joko nuke.
Bestetik, berriz, nahia eta borondatea adierazteko erabiltzen dugu, baina "gogoak", “borondate” hitzak baino esanahi inmanenteagoa dauka. Borondatea betebeharrek bideratzen eta orrazten dute, hau da, borondatea ager dezaket, egin behar dudala uste baitut eta nolabait behartuta sentitzen bainaiz, gogo handirik gabe baina. Gogoa, berriz, nolabait esanda, hezigaitzagoa da, menderaezinagoa, norberarenagoa, autentikoagoa. Gogoa borondatearekin bat ez datorrenean, emaitzak uxatu egiten zaizkigu, non eta ez badugu benetan gogoa pizten eta borondatearen alde jartzen. Baina hau idatzi bezain pronto ezinegona sortzen dit esaerak: Gogoa piztu al dezakegu, ala gogoak pizten al gaitu gu?
Altxor polita beraz hitz honek euskaraz ezkutatzen diguna: gogamena (pentsatzeko gaitasuna) eta norberak berebere duen horren arteko uztarketa.
Gogoaren inguruko gogoeta
Suscribirse a:
Entradas (Atom)